Zer den

eathink_logo

“EAThink2015 – eat local, think global” Europako 12 herrialdetako eta Afrikako 2 herrialdetako lehen eta bigarren hezkuntzako eskolentzako proiektu bat da, Europar Batasunak bultzatua, eta garapen arloko jarrera kritikoa eta konpromisoa sustatu nahi du Europako ikasleen eta irakasleen artean, arreta berezia jarriz elikadura-segurtasunean eta -burujabetzan, janaria ekoizteko sistema jasangarrietan eta maila txikiko nekazaritzan.

Izan ere, globalizazioaren dinamikak direla eta, gure aukerek eta ekintzek lotura dute mundu osoko milioika pertsonaren bizitzarekin. Hurbiltasun digitalaren eta informazioaren aroa gorabehera, hor daude kontraesanak eta desberdintasunak: gero eta gizarte globalago baten aurpegiak dira pobrezia, klima-aldaketa eta migrazioak.

Gaur egun, 800 milioi pertsona goseak dauden bitartean, herrialderik aberatsenetan inoiz baino janari gehiago alferrik galtzen da. Gaur egun, janaria ekoizteko sistemak eragin txar ugari ditu ingurumenean eta osasunean, eta politikaren eta finantzaren interesek sarritan jartzen dituzte arriskuan nekazarien eta kontsumitzaileen eskubideak.

Izan ere, bata bestearen segidan gertatzen dira aldaketa azkarrak eta elkarren kontrakoak, eta zaila da gertakariak interpretatzea eta horien aurrean ekitea. Hezkuntzak gero eta garrantzi handiagoa du, gazteak tresna kritikoen jabe izan daitezen. Dei egiten diegu irakasleei, gizarte-langileei, hezitzaileei eta administratzaile lokalei.

EAThink2015 proiektuak irauten duen hiru urteetan (2015 – 2017) hainbat jarduera egingo dira –adibidez  nazioarteko lehiaketak  argazki-erreportajeei eta bideoei buruz, eskoletako baratzeak, web-kazetaritzari buruzko prestakuntza, nazioarteko bisita-trukeak eta tailerrak, ikasleentzako app multimedia bat eta doaneko hezkuntza-materialez betetako webgune bat–, Europako ikasleak eta irakasleak gai izan daitezen gizarte global bateko kide izatearen ardurak hartzeko.  Proiektuko irakasleak eta ikasleak izango dira Europakoak (Austria, Kroazia, Zipre, Frantzia, Hungaria, Italia, Malta, Polonia, Portugal, Errumania, Eslovenia eta Espainia) eta Afrikakoak (Burkina Faso, Senegal).