Bazkideak

 ACRA

Gobernuz kanpoko erakunde laiko eta independente italiar bat da, eta pobreziaren kontra aritzen da bide jasangarriak, berritzaileak eta partekatuak erabiliz. Arreta berezia jartzen du planetako periferietan eta munduaren iparreko eta hegoko segmentu baztertuetan.

APSD – Agenda 21

Gobernuz kanpoko erakunde errumaniar bat da, 2003ko maiatzean sortua. Garapen Jasangarriaren helburuak Errumanian sustatzeko politika nazionalak eta ahaleginak bultzatzen ditu. 4 urte baino gehiago darama Garapenerako Hezkuntza, Hezkuntza Globala eta Milurtekoko Garapen Helburuak bultzatzen, ikasleak eta irakasleak sartzen garapenerako hezkuntza-programetan eta -proiektuetan (Parlez-vous global), migrazioan eta herritartasun globalean hezten, eta Hezkuntza Globalaren arloko prestakuntza ematen Europako gizarte zibileko erakundeei.

Anthropolis

Anthropolis irabazi asmorik gabeko erakunde publiko bat da, 2002an sortua Budapesten (Hungaria). Arreta berezia jartzen du hezkuntza globalean (ikasmaterialak egitea eta banatzea, ikasle, irakasle eta helduentzako tailerrak eta erakundeak), eta ipuin digitalen tailerretan (hainbat talderi zuzenduak). Kontzientziazio- eta presio-lana ere egiten du (garapenari eta gizarte-zientziei buruzko kultura-ekitaldiak, erakusketak, proiekzioak, mahai-inguruak eta hitzaldiak). HANDeko batzordekidea da (Hungariako gobernuz kanpoko garapenerako erakundeen plataforma).

CARDET

CARDET irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundea da. Garapena eta hezkuntza jorratzen du, Zipren dago eta mundu osoan ditu bazkideak. Hurrengo belaunaldiko hezkuntza ez ezik sustatzen du ikerkuntza, berrikuntza eta garapena, eta horretarako erabiltzen ditu ebidentzietan oinarritutako praktikak, punta-puntako ikerketa eta ahaldundutako jendea. Profesional helduen eta gazteen nazioarteko talde bat da, eta bere arloak dira garapenerako hezkuntza, garapen jasangarria, justizia soziala, kontzientziazioa, giza eskubideak, gizarteratzea, konpromiso zibikoa eta herritartasuna, adiskidetzea, politiken balorazioa, e-learninga, urrutiko hezkuntza, eta ebaluazioa. Asia, Europa eta AEBetako erakunde pribatuekin eta publikoekin aritu da lanean. CARDET taldeko kideak 20 herrialde baino gehiagoko 100 proiektu baino gehiagotan aritu dira; haietako batzuen babesle izan dira Europako Batzordea, Garapenerako Nazio Batuen Programa, Commonwealth of Learning, William and Flora Hewlett Foundation, eta Zipreko Ikerkuntza Sustatzeko Fundazioa.

Fondazione Cariplo

Laguntza ematen die erakunde sozialei eta zibilei, beren komunitatea hobeto zerbitza dezaten. Fundazioaren helburu nagusia gizarteko azpiegiturei babesa ematea da. Subsidiariotasun-printzipioan oinarritzen da. Premia berriei aurrea hartu –edo sakon errotutako baina ase gabeko premiak hautatu–, haiei erantzun eraginkorrago eta merkeago bat emateko bide berriak probatu, eta, azkenik, bide arrakastatsuak hedatzeko ahaleginak egiten ditu.

Europan eta mundu osoan gizarte zibilaren aldeko filantropia antolatua indartzea eta zabaltzea bilatzen duen European Foundation Centre (EFC) delakoaren sortzaileetako bat da.

Fondazione Cariplok lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu eta elkarlanean aritu izan da Europako Fundazio nagusiekin, EFC sarearen barruan eta kanpoan, eta proiektuko sarearen eskura jarriko ditu harreman horiek, etengabeko partekatzea egon dadin Europako interes-talde nagusiekin.

CISV

Gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta Italiako Barne Arazoetako Ministerioaren Aitorpena du. Proiektuak egiten ditu Afrikako eta Hego Amerikako jendearekin elkarlanean, beren garapenaren benetako protagonistak izan daitezen. Gaur egun 12 herrialdetan dihardu: Afrikan (Benin, Burkina Faso, Burundi, Ginea, Mali, Niger eta Senegal) eta Latinoamerikan eta Hego Amerikan (Haiti, Brasil, Kolonbia, Guatemala eta Venezuela). Elikagai-segurtasuna, justizia soziala eta giza eskubideak sustatze aldera, babesa ematen die nekazari-mugimenduei, erakunde lokalei eta emakume-elkarteei, eta kultura eta baliabide lokalen aldaketak hobetzen ditu. Italian, kontzientziazioa bultzatzen du giza eskubideei buruz, garapen jasangarriari buruz eta kultura-aniztasunari buruz, ikasle, irakasle eta herritarrentzako prestakuntza- eta elkarrizketa-programen bidez.

Euskal Fondoa

Euskal erakunde lokalen nazioarteko lankidetzarako elkartea – Euskal Fondoa Euskal Herriko (Espainia) 112 udalerriz osatutako sozietate bat da. Euskal Herriko lankidetza deszentralizaturako koordinazio- eta laguntza-tresna da eta esperientzia lokalak eskaintzen ditu, garapen bidean dauden herrialdetako instituzio, erakunde sozial eta komunitateetan garapen-prozesuak eta harreman jasangarriak bultzatu ahal izateko. Euskal Fondoak etengabe bilatzen du eraginkorrago izatea elkarlan, informazio-truke eta laguntza teknikoaren bidez, «Udalerriak udalerriei laguntzen», besteak beste hezkuntza-gaiei buruz. Latinoamerikako eta Afrikako bost herrialdetan ari da lanean –Nikaragua, El Salvador, Guatemala, Kuba eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa–, udalerrien gaitasunak areagotuz.

 Calouste Gulbenkian Foundation

Herri-onurako erakunde pribatu portugaldar bat da, arte, ongintza, zientzia eta hezkuntzara bideratua. Armeniar jatorriko Calouste Sarkis Gulbenkian britainiarraren azken borondatetik eta testamentutik abiatu zen, eta Portugalgo Estatuak 1956ko uztailaren 18an onartu zituen haren estatutuak. Ia 60 urte darama lanean, eta Europako fundaziorik garrantzitsuenetako bat da: jardun zabala du Portugalen eta atzerrian, bere proiektuen eta programen bidez, edo beste erakundeekin lankidetzan, eta kanpoko ekimenei laguntzak emanez.ez. Fundazioak ordezkaritzak ditu Calouste Gulbenkian bizi izan zen Parisen eta Londresen.

Portugalgo hezkuntzaren garapena bultzatzen du, bai eta munduko hezkuntzaren aurrerapenari buruzko debatea ere, bai eskoletan bai gizartean. Bere programen bitartez –adibidez, Hurrengo Belaunaldiak Ahalduntzea, Kultura eta Zientzia Hezkuntza, Portugalgo Hizkuntza eta Kultura Sustatzea eta Gulbenkian Laguntzak–, bultzada ematen die bizi osoan zehar ikasteari eta gaitasun eta jakintza berriak eskuratzeari, eta hezkuntza- eta prestakuntza-sistemak eraginkorrago egiteari.

Institute for Sustainable Development

Garapen Jasangarrirako Institutua (ISD) Esloveniako sektore organikoaren alde ari da 1996tik hona, ikerkuntza-proiektu, jakintzaren hedapen, kontzientziazio- eta garapen-proiektuen bidez. Eskola-baratze organikoen sare nazional bat ere koordinatzen du, haurrei eta gazteei zuzeneko esperientzia emateko, eta janaria ekoizteko eta nekazaritzako sistema jasangarriak ezagutarazteko. Programak jakintza eta trebetasunak ematen dizkie irakasleei, eskola-baratzeak jarri, mantendu eta hezkuntza-tresna gisa erabil ditzaten.

 Kopin

Maltako gobernuz kanpoko erakunde bat da, giza eskubideen arlokoa, eta hiru esparru nagusi ditu: nazioarteko garapen-lankidetza; iheslarien babesa, batik bat haur eta emakumeena; Garapenerako Hezkuntza formala, ez-formala eta informala, horretarako pedagogia berritzailea, parte-hartzailea eta ekintzara bideratua erabiliz. Hala, hezkuntza-baliabideak, irakasleentzako prestakuntza, eta maila guztietako ikasleentzako jarduerak eskaintzen ditu. Kopinek ahalegin berezia egiten du lankidetzan, sareko lanean eta esperientziak partekatzean, eta horretarako erabiltzen ditu parte-hartzea, elkarrengandik ikastea eta eskubideetan oinarritzea.

 Polish Green Network

Poloniako hiririk handienetako ingurumenaren aldeko eta garapen jasangarriaren aldeko 12 erakunderik eta fundaziorik indartsuenen elkarte nazional bat da. Bere esparru nagusiak dira gizarte eta ingurumen mailako justiziaren alde egitea garapen jasangarriaren baitan, funts publikoak kontrolatzeko tresnak ezartzea, garapenaren aldeko babes publikoa handitzea, eta hegoaldeko herrialdeei garatzen laguntzea. 2002tik hona, kontsumo arduratsua, Bidezko Merkataritza eta garapenerako hezkuntza sustatu ditu.

 Südwind

Südwind 1997an sortutako irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, eta hezkuntza eta informazioa ematen du garapen arloko arazo globalei buruz. Tokian-tokian, eskualdean, nazioan eta nazioartean egiten du lan nazioarteko garapen, hezkuntza, ingurumen, kultura eta arazo sozialen arloko erakundeekin, gizarte zibileko sareekin eta nazioarteko politikari garrantzitsuekin.
Bere esparruak dira Hezkuntza Globala (besteak beste, materiala egitea, prestakuntza, eskoletako proiektu pilotuak babestea, etab.), nazioarteko garapenari buruzko materialak ekoiztea, eta arazo globalei buruzko azterketak biltzea.

 Urgenci

Komunitateak Babestutako Nekazaritzaren nazioarteko sarea da. Mundu osoko nekazariak eta kontsumitzaile kontzienteak elkartuz, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko lankidetza lokala eta solidarioa sustatzen du, tokian tokiko aniztasuna eta sormena errespetatuz.

2008tik hona, Urgencik lan handia egin du esperientziak trukatzen, bizi osoan zehar ikasteko EBren programei esker. EBko (eta kanpoko) milaka helduk jaso dute Urgencik koordinatutako prestakuntza informala. Azken aldian, tokiko janaria katalizatzeko eskolen lehen belaunaldia sortzen lagundu du Europako 5 herrialdetako bazkideekin, Kanpoko Hebridetatik Ziprera eta Vilniustik Milanera.

 Association Žmergo

1994an Opatija-n (Kroazia) sortutako Žmergo elkartearen helburuak dira ingurumena zaintzea, natura- eta kultura-ondarea babestea, eta garapen jasangarria sustatzea. Žmergo-ren jarduerek hobekuntza ekarri dute ingurumen, kultura eta hezkuntzaren esparruetan.

1998tik hona, Žmergo-k ingurumen-hezkuntzari buruzko programak ditu haurtzaindegi, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzan, 8.000 haur eta gazte baino gehiagorengana iritsiz.